Itzuli

Monica Pedreira Lanchas: “Komunitate energetikoak burujabeak dira; herritarrek erabakitzen dute nolakoak diren”

Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko zuzendariak energia-komunitateak probintzian nola ugaritu diren azaldu du.

“Seguruenik ez dizuet ezer berririk esango, baina Gipuzkoak, lurralde gisa, mendekotasun energetiko oso handia dauka”. Ideia hori izan zuen abiapuntu Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Energetikoko zuzendari Mónica Pedreira Lanchasek bere hitzaldian. Horretan oinarrituta, Gipuzkoan trantsizio energetikoaren arloan egindako urratsak aipatu zituen; nagusiki, energia berriztagarrietan oinarritutako energia-komunitate independenteen eraketaz aritu zen. 

Energia-eredu berri baterantz

Abiapuntua kezkagarria zen. “2020an, % 98-ko kanpo-mendekotasuna genuen, eta lurraldean ia ez geneukan energia berriztagarririk”, azaldu zuen Pedreirak. Orduan hasi zen estrategia-aldaketa. Hain zuzen ere, trantsizio energetikorako bide-orri berria 2021eko urrian zehaztu zen. Trantsizio horren funtsezko gaietako bat eredu energetikoa aldatzea zen, burujabetza konpainia handietatik erabiltzaileengana eramango zuen eredu deszentralizatu batera igarotzeko. 

Gainera, 2023ko martxoan Ukrainako gerra hasi zen, eta horrek energia garestitu zuen. Orduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarrera aktiboago bat izatea erabaki zuen, etxeko ekonomiak eta, zehazki, etxe zaurgarrienetakoak arintze aldera. Gipuzkoako errealitatearen diagnostiko bat egin zuten eta trantsizioaren lehentasunak planteatu zituzten. “Argi genuen (energia) demokratizatu behar genuela, eta horretarako Aldundiaren beraren baliabide ekonomikoak mobilizatu behar genituela”, adierazi zuen Pedreirak. “Gure helburua zen geure lurraldean zero kilometroko energia sortzea, erabat berriztagarria”. 

Energia-komunitateak: herritarren subiranotasuna

Horretarako, energia-komunitateen kontzeptua sortu zen, eta hori da, hain justu, Pedreiraren hitzaldiko gai nagusia. Eredu energetiko deszentralizatu batean parte hartzea erabakitzen duten askotariko eragileen (normalean bizilagunak edo enpresak) arteko lankidetzak edo akordioak dira. Komunitateok osatzeko, beharrezkoa da instalazioa egiteko estalki edo egitura bat izatea. Autokontsumo-sistema bat da, baina erabiltzaileek sare elektriko orokorrera konektatuta egon behar dute, hortik jasotzen baitute hornidura. Gaur egun, herritar batek, energia-komunitate bateko kide izateko, energia-sorgailutik 5 kilometroko erradio baten barruan egon behar du. 

Pedreirak gogorarazi du energia-komunitateak burujabeak direla. “Komunitateotako kide diren herritarrek erabakitzen dute, eta ez administrazio publikoek”. Gainera, ekoizpena energia % 100 berriztagarriaren bidez egiten da. 

Komunitate horiei esker, azken bost urteetan % 8 murriztu da mendekotasun energetikoa Gipuzkoan. Horrekin batera, kideek nabarmen aurreztu dute argiaren fakturan. Bestalde, energia komunitateei esker, beste zerbitzu batzuk ezar daitezke, esaterako, ibilgailuentzako karga elektrikoa, bai eta biltegiratze elektrikoko sistemak eta denbora errealeko monitorizazioa ere. 

Juridikoki, Gipuzkoan, energia-komunitateok bi eredu erabil ditzakete elkartzeko: kooperatiba energetikoa eta irabazi asmorik gabeko elkartea. “Bat ez da bestea baino hobea” esan zuen Pedreirak. “Ikusi dugunez, eredu bakoitza hobeto egokitzen da udalerri jakin batzuen errealitate sozioekonomikora”. Kooperatiba juridikoki konplexuagoa da, eta kapitala jarri behar da hasieran. Bestalde, elkartea osatzea ez da hain zaila eta, horren parte izateko, kideek kuota txiki bat ordaintzen dute hilean, besterik gabe. Bi kasuetan, parte-hartzaileek erabakitzen dituzte komunitatearen estatutuak, beren errealitate eta baldintzetara egokituta. Nolanahi ere, EAEn badira kooperatiba eta elkarte horien eraketa arautzen duten zenbait lege. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntza ekonomikoa ematen die komunitateei, baita laguntza teknikoa eta burokratikoa ere. Halaber, udalek zeregin aktibo garrantzitsua dute, askotan jabari publikoko emakida baten bidez; hau da, komunitateen eskura estalki publikoak jartzen dituzte eguzki-plakak eta abar instalatzeko. Gainera, udala bera komunitate energetikoaren parte izan daiteke, baina ez da nahitaezkoa. 

“Lurraldeko udalerri askok hartu dute parte”, esan zuen Pedreirak. “Guztira, 67 udalerri dira, dagoeneko”. Kontuan hartu behar da Gipuzkoan guztira 88 udalerri daudela. 

Era berean, garrantzitsua da nola gauzatzen den autokontsumo partekatua; hau da, ekoitzitako energia nola banatzen den. Kasu honetan ere, parte-hartzaileek erabakitzen dute nola banatu, eta Pedreirak adierazi du garrantzitsua dela aukeratutako sistema denborarekin doitzeko modukoa izatea. Komunitate batzuk etxe edo kide bakoitzeko 0,5 Kw-ekin hasten dira, baina gero kuota hori doitu daiteke, adibidez, funtzionatzen duen testuinguruaren arabera. 

Energia-iturri ohikoenetako bat fotovoltaikoa izaten da. Baina, egiaz, energia-komunitateak edozein energia berriztagarrirekin egon daitezke lotuta: eolikoa, geotermikoa edo hidraulikoa, adibidez. 

Trantsizio energetikoak aurrera egiten du Gipuzkoan

Gaur egun, 82 energia-komunitate daude Gipuzkoan, eta horietatik 74 herri-komunitate energetikoak dira, zeinetan 13.000 familiak parte hartzen baitute. Gainera, 32 enpresak osatutako 8 energia-komunitate daude. Azken horiek enpresa txiki eta ertainentzat dira. “Zalantzarik gabe, hau ez da inoiz izango elektrikoki intentsiboa den edo kontsumo handiak dituen ezein industria deskarbonizatzeko konponbidea”, adierazi zuen Pedreirak. 

Pedreirak adibide garrantzitsu bat jarri zuen. Frontoi ertain baten estalkia erabiltzen duen energia-komunitate batean, 200 familia ingururentzat 100 kw inguruko energia fotovoltaikoarekin, 100.000 euro inguruko inbertsioa egin behar da. Horietatik, funts galdurako dirulaguntzek % 75 inguru estaliko dute. Gainera, baliabide mugatuak dituzten herri txikietan, Aldundia arduratzen da proiektuaz eta instalazioa egiteaz, eta dirulaguntza % 100ekoa da. 

Azkenik, Pedreirak Gipuzkoako Trantsizio Energetikoaren Bulegoaz hitz egin zuen. Azaldu zuenez, doako laguntza ematen du proiektuetan eta, besteak beste, hala eskatzen duten energia-komunitateak monitorizatzeaz arduratzen da. Hala, gehienez ere 30 minutuko dekalajeaz hauteman daitezke instalazioetako akatsak. 

 

Ikusi hitzaldi osoa