Itziar Alkorta: «Superbakterioen» aurkako lasterketa: One Health ikuspegia antibiotikoen krisiaren aurrean
Gaur egun, Europan 30.000 heriotza inguru izaten dira urtean, antibiotikoekiko erresistenteak diren bakterioek eragindako infekzioen ondorioz. Zerbait egiten ez bada, mundua krisi global batean eror daiteke, eta, mendearen erdialdean, 40 milioi heriotza izan ditzakegu urtero. Itziar Alkorta Calvo EHUko Biokimika eta Biologia Molekularreko katedradunak Donostia Sustainability Forumean egindako ekitaldi batean azaldu zuenez, krisi horri aurre egiteko gakoa «One Health» (osasun bakarra) kontzeptua da. Ikuspegi horren arabera, gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna estuki dago lotuta. «Ezin diogu osasun bati eragin besteei eragin gabe», azpimarratu zuen Itziar Alkortak.
Lotura horren erdian mikrobioma dago. Ez da soilik organismo batean bizi diren mikroorganismoen multzoa (mikrobiota); «jardueraz jositako lekua» ere bada, molekulak, fluxu metabolikoak eta haien ingurunea barne hartzen dituena. Mikrobioma nitxo horien arteko lotura mikroskopikoa da. Azaldu zuenez, abeltzaintzan antibiotikoak erabiltzen direnean, adibidez, bakterio erresistenteak sortzen dira, eta horiek gure plateretara iristen dira, elikakatearen bidez, edo, ingurumenera, hondakin-uren isurien bidez.
Bakterio erresistenteak
Hauxe da mikrobiologiako aurkikuntza liluragarrienetako bat: bakterioak informazioa trukatzeko gai dira bakterioen konjugazioaren bidez. Mikrobioen aurkako erresistentzia hedatzea ahalbidetzen duen transferentzia genetiko horizontal mota bat da hori. Plasmido izeneko DNA molekulen bidez, bakterioek erresistentzia-geneak partekatzen dituzte modu nahasian, baita espezie desberdinen artean ere. Horrela, «supergenoma» komunal bat sortzen da, eta bakterioek, antibiotikoen aurrean ez ezik, metal astunen edo kutsatzaileen aurrean bizirauteko tresnak hartu ditzakete bertatik.
«Pentsa auzokoen erkidego batean guztiontzako gela bat izango bagenu eta, bertan, une horretan behar ez ditugun baina noizbait garrantzitsuak izan daitezkeen trasteak utziko bagenitu. Horrelakoxea da supergenoma», jakinarazi zuen adituak.
Testuinguru horretan, Itziar Alkortak mikroplastikoek eta nanoplastikoek naturan duten zereginaz ohartarazi zuen. «Puntu bero» gisa jokatzen dute, non bakterioek biofilmak osatzen dituzten, kanpoko erasoetatik babesten diren eta erresistentziak barreiatzea eragiten duten hainbat kutsatzaileren eraginpean dauden. Gaineratu zuenez, «mikro eta nanoplastikoek kutsatzaileak eta bakterioak pilatzen dituzte, eta bakterioek erresistentziak garatzeko ekaitz perfektua da hori».
Erresistentziaren aurkako estrategiak
Antibiotiko berriak garatzeko zailtasuna eta kostu handia ikusita —gaixotasun kronikoetarako farmakoen aldean, ez da prozesu oso errentagarria farmazialarientzat—, ikerketaren ardatza estrategia berriak dira orain. Itziar Alkortaren taldeak, esaterako, nanoteknologiako teknikak erabiltzen ditu lehendik dauden antibiotikoak kapsulatzeko. Hala, eraginkorragoak izan daitezke dosi txikiagoetan,eta «bigarren bizitza» terapeutikoa ematen zaie. Halaber, bakterioen arteko komunikazioa eteteko molekulak diseinatzen dituzte. Laborategiko saiakuntzetan, bakterioak ez elkartzea edo eraginkortasun askoz txikiagoarekin elkartzea lortzen duten hiruzpalau molekula identifikatu dituzte dagoeneko.
«Ez dago irtenbide bakarra. Aukera sorta bat izan behar da, eta horiek lekuaren eta unearen arabera erabili», esan zuen Itziar Alkortak. Gainera, azpimarratu zuen garrantzitsua dela ingurumenean dauden bakterio erresistenteen gordailu naturalak ikertzea, adibidez, ospitaleetan eta ur-araztegietan. Zaintza-sistema uniformeak sortu nahi dira, ingurumen-osasuna modu globalean monitorizatzeko aldibereko saiakuntza ugari egin ahal izateko.
Higiene eta tratamendu egokiak
Laborategietatik haratago, «prebentzioa baino tratamendu hoberik» ez dagoela nabarmendu zuen adituak. Funtsezkoa da oinarrizko higiene-ohiturak izatea, antibiotikoak ez erabiltzea behar ez direnean eta tratamenduak zorrotz errespetatzea, bakterio erresistenteak gutxiago heda daitezen. Modu berean, gogoratu zuen antibiotikoen ziklo bakar batek urteetan zehar alda dezakeela hesteetako mikrobiota. Suteak izan ostean jatorrizko espezieak berreskuratzeko hamarkadak behar izaten dituzten mendiekin alderatu zuen.
