Itzuli

Arrak ar eta arrainak eme: ingurumena eta sexua ur azpian

Ibon Cancio Uriarteren ikerketa-lerro nagusia da aztertzea nola eragiten duen kutsadurak arrainen sexu-desberdinpenean. DSFen eskainitako hitzaldian, horretan sartu aurretik, ugalketari buruzko azalpen xeheak eta ulerterrazak eman zituen, ideia hauek garbi utzita: Charles Darwin jainkoa dela, eboluzioaren teoria sortzeagatik; arrak garestiak direla espeziearen ikuspegitik; eta sexu biologikoa askotarikoa dela. Ideia horiek azaltzeko erabili zituen adibideekin, barrea eragin zuen ikusleen artean, eta, aldi berean, azalpen teknikoagoak ulertzeko testuingurua eman zuen.

Arrak ar eta arrainak eme: ingurumena eta sexua ur azpian

Canciok Plentziako Itsas Estazioan ikertzen du, batez ere, arrainekin, eta bere ikerketa-taldeari “palpatien” taldea deitzen die. Izan ere, badago kondaira bat esaten duena behin, oharkabean, emakume bat izendatu zutela Aita Santu. Geroztik, langile batzuk, palpatiak, arduratzen dira baieztatzeaz Aita Santu berriak barrabilak dituela. Gauza bera egiten dute itsas estazioan; hau da, begiratzen dute arrain arrek espermatozoideak ekoizten dituzten, edota obuluak sortu dituzten. Alegia, feminizatuta ote dauden.

Izan ere, ingurunera isurtzen diren konposatuetako batzuek estrogenoen funtzioa jokatzen dute, eta arrak emetzea eragiten dute. Canciok azaldu duenez, “honekin nahiko argi gelditzen da sexua nahiko gauza labila dena arrainetan”. Estrogeno horien jatorria, besteak beste, emakumeen antisorgailuak direla azaldu du: “1960. hamarkadan hasi zirenean emakumezkoak pilula hartzen, gero, txiza egiterakoan, hormonak agertzen hasi ziren ingurunean. Eta hormona horiek oso potenteak dira. Ondorioa, hauxe: arrain arrak eme gisa garatzen direla”.

Hala ere, nabarmendu du pilulak ez direla estrogenoen jatorri bakarra. Adibidez, ingurunean dimetoatoa ere aurkitu dute: “Konposatu hori intsektizida bat da, estradiolaren antzekoa”. Eta xaboian eta egunerokoan erabiltzen diren beste produktuetan ere badaude halakoak.

Markatzaile genetikoa

Hala, Cancioren laborategian konposatu horien menpe dauden arrainen gene-espresioa aztertzen dute: “Begiratzen dugu ea bitelogeninaren proteina espresatzen den. Bitelogenina emeen gibelean espresatzen da, eta gero arrautzetara doa. Haren eraginez, arrautzak handitu egiten dira, enbrioia elikatzeko. Hortaz, arretan gene hori agertzen bada, esan nahi du ingurunean dagoen konposatuak emetu egin duela”, azaldu du.

Zehazki, lazunarekin edo korrokoiarekin egin dituzte ikerketa horiek. “Lazuna lohia dagoen uretan bizi da, ur uherretan. Hemen ez da asko kontsumitzen, baina beste leku batzuetan bai. Guretzat zentinela da; esaten digu ingurunean zer gertatzen den”.

Gernikako itsasadarrean 2007tik egindako ikerketetan frogatu dute zer eragin duten azpiegituren arrainen populazioan. Izan ere, 2021era arte, itsasadarrean gora isurtzen ziren ur zikinak, Gernika parean. 2021ean, ordea, Lamiaraineko araztegia jarri zuten martxan, eta, geroztik, hara bideratzen dira urak, eta itsas zabalera isurtzen dira, araztu ondoren.

Canciok baieztatu zuenez, 2008tik 2021era ikusten zuten arrek obozitoak ekoizten zituztela. “2021ean izan zen errekorra, arren erdiak baino gehiagok zituzten arrautzak. Eta 2022tik aurrera, zero!”. Garbi ikusi zuten, beraz, ingurumena zaintzeak eragin zuzena zeukala arrainen osasunean.

Horrekin batera, markatzaile genetikoan ere gauza bera islatzen ote zen begiratu zuten, eta berretsi zuten markatzaile aproposa dela kuantifikatzeko. Horrenbestez, patentatu egin dute. “Hauek dira biologooi kontatzea gustatzen zaizkigun istorioak, arrakasta-istorioak baitira”, esan zuen Canciok.

Halaber, azaldu zuen markatzaile genetikoa baliagarria zela emeen garapen-fasea neurtzeko. “Hori oso garrantzitsua da interes ekonomikoa duten arrainetan, horren arabera erabakitzen baita zenbat arrantzatu daitekeen”. Hala, tunidoetan ikertzen ari dira, esaterako, Indikoan arrantzatzen den atun hegahorian. Oraingoz emaitza onak jasotzen ari dira; beraz, baliteke laster beste arrakasta-istorio bat kontatzea.

Ikusi hitzaldi osoa