Itzuli

Nuria Hernández Morak eta Víctor Peñas Sánchezek ur-ekosistemak babesteko eta uraren kudeaketa jasangarria lortzeko beharra nabarmendu dute

“Ura baliabide mugatua da”, dio Iker Mardaras Larrañagak, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoaren Gipuzkoako Ordezkaritzako Jasangarritasun Batzordeko zuzendariak. “Ura modu desegokian kudeatzeak, erreserben eta akuiferoen gaineko gehiegizko presioak edo uraren kalitatea mantentzeko arduragabekeriak ondorio kaltegarriak eragin ditzake gizartean eta haren inguruko habitatetan”.

Horrez gain, Mardarasek Nazio Batuetako unibertsitatearen Global Water Bankruptcy (“Porrot Hidriko Globala”) txostena aipatu zuen. Haren arabera, planetaren mailan, kontsumoak eta kutsadurak modu kronikoan gainditzen dituzte baliabide berriztagarriak. Azkenik, Mardarasek aditzera eman du arkitektoen elkargoak urari buruz antolatutako hitzaldi sorta baten lehenengoa dela hau. 

Garrantzitsua da jakitea zer-nolakoa den testuinguru instituzionala, zer lege ditugun, zer erronkari egin behar diogun aurre eta horretarako zer baliabide ditugun. 

Nuria Hernández Mora 
Geografian doktorea. Uraren gobernantzan eta lehorte-arriskuen kudeaketan egiten du lan. Eta gaur egun aholkulari seniorra da Fresh Thoughts Consulting-en.

Hasteko, Hernandezek ura ondare komuna dela ekarri du gogora. “Ura eskuratzea eta saneamendua Nazio Batuek 2010ean onartutako giza eskubidea da”, oroitarazi du. “2024an ingurumen osasuntsua izateko eskubidea ere aitortu zen”. Eta hura kudeatzeko moduak eragina du bestelako erabiltzaile eta lurraldeen gainean. “Beraz, hura babesteko eta kudeatzeko erantzukizun kolektiboa dugu”. Hernandezek politikak uraren kudeaketan duen papera aldarrikatu du, ondare komuna den aldetik. 

Uraren kudeaketa konplexua da Espainiako estatuan. Ibai batek autonomia-erkidego bat baino gehiago zeharkatzen baditu, konfederazio hidrografikoek kudeatzen dute, eta horiek ministerio eskudunaren mende daude. Ibaia autonomia-erkidego bakar batetik igarotzen bada, autonomia-erkidego horren ardura da hura kudeatzea. Dena den, EAEren kasua berezia da. Autonomia-erkidegoaren barruko zenbait arro Kantauri Ekialdeko Konfederazio Hidrografikoak kudeatzen ditu, baina URA agentziak barne-arro batzuk planifikatzeko eta kudeatzeko eskumena duela dioen hitzarmen bat dago. Bestalde, Arabako arro batzuk Ebroko Demarkazio Hidrografikokoak dira. Horrez gain, uraren hiri-zikloaren kudeaketa udalerrien eskumena da. 

Administrazio asko dira, eta, hortaz, haien eta erabiltzaileen arteko koordinazioa eta lankidetza leiala funtsezkoa da ura eraginkortasunez eta jasangarritasunez kudeatu ahal izateko. 

Hernandezek Espainiako estatuko ur-aldakortasun handiaz hitz egin du. Euria oso aldakorra da, aldatu egiten baita klima-aldaketarekin. Aldakorra da lurraldearekin eta denborarekin, urtaroen ikuspegitik. Eta uraren erabilera ere aldakorra da. Kantauri Ekialdean salbuespenezkoa da, % 80 hiri-erabilerarako delako eta gainerakoa industriarako delako. Penintsulako gainerako lekuetan, berriz, erabileraren % 80 ureztaketarako da. 

Ekoizpen hidroelektrikoa ere funtsezkoa da. 100 urte baino gehiagotan, azpiegitura hidraulikoetako inbertsio publikoa izugarria izan da. “Espainia hidraulikoki heldua da”, dio Hernandezek. “Leku gutxi dago eraikitzen jarraitzeko. Onurak ukaezinak dira, baina kostuak alde batera utzi ditugu luzaroan”. 

Hainbat arazo handi daude kudeaketarekin. Lehenengoa uraren kalitatea galtzea da. Eragin handia du ekosistema urtarretan, baita ahotik ura hartzeko puntuetan ere. Penintsulan nitratoekin kutsatutako asko daude, hau da, ez dira gizakiek kontsumitzeko egokiak. Bigarren arazoa da eskura dagoena baino ur gehiago erabiltzen dela. Klima-aldaketak arazo hori larriagotu besterik ez du egiten. Adibidez, modelo guztiek prezipitazioak gutxituko direla iragartzen dute etorkizun hurbilean. 

Eta zer irtenbide proposatzen diren. “Ez dugu gurpila asmatu beharrik”, dio Hernandezek. “Europan, Europako ingurumen-arloko lege-esparrua zoragarria da. Legeak anbizioz aplikatzeko borondate politikoa da behar duguna”. Uraren Esparru Zuzentarauaren arabera, eskaintza handitu beharrean, ekosistema urtarrak babestu behar dira. Plan hidrologikoek horren inguruko neurriak dakartzate, baina aurrerapena oso txikia izan da. “Narriadura gelditu da, eta hori ez da gutxi, baina hobekuntzak motelak dira”, azpimarratu du Hernandezek.  

Klima-aldaketaren testuinguruan, Europako zenbait zuzentarauren arabera, ikuspegia aldatu behar da: larrialdiari erantzutetik arriskua kudeatzera. Arrisku-eremu horiek zein diren ebaluatu eta ikusi behar da, eta, hortik abiatuta, planifikatu eta jardun. Horren adibide dira lehorteari eta uholde-arriskuari buruzko plan bereziak. 
 

Arazoa tokian tokikora bideratuz

Victor Peñas Sánchez
Geografian doktorea. URA – Uraren Euskal Agentziako teknikaria da, baita dibulgatzailea ere. Uraren kudeaketari buruzko hezkuntza- eta sentsibilizazio-ekimenak garatzen ditu. 

Victor Peñas Sánchez EAEko uraren kudeaketaz aritu da. “Oso lurralde txikia dugu: 7.200 km2”, dio. Gainera, Kantauriko eta Mediterraneoko isurialdeen banalerroa dago. “Ibaiek, ura ez ezik, zoriona ere ematen dute”. Lurraldea drainatzen, elikatzen eta biziarazten duten ibai-arteriak dira. Eta zenbait hidromito irauli egin behar dira”. Horietako bat da ura itsasoan “galdu” egiten dela. Ez da galtzen. Zikloa amaitzen da, eta hori berriz hasten. 

Peñasen arabera, ingurune urtarraren osasun-egoera ez da txarra EAEn. Faktore askok lagundu dute, inbertsioetatik hasi eta administrazioen eta herritarren ahaleginetaraino. 

Ildo horretan egindako lanaren barruan sartzen da ura egoera onean egotea lortzea, uraren eskariari erantzutea eta uholdeen eta lehorteen nahi gabeko ondorioak arintzea, Hernandezek dioen bezala. 

Baina egoera ez da beti horrelakoa izan. Peñasek hainbat argazki historiko erakutsi ditu, aldaketa ikusteko. Gure autonomia-erkidegoan, arrisku eta kalte gehien sortzen duen fenomeno naturala uholdea da. Argazkietan, esaterako, Bilboko 1983ko abuztuko uholde historikoa ageri da. Aldiz, ingurune urtarraren osasuna narriatzen duen arazorik handiena kutsadura da. “Asko hobetu dugu, baina ezkutuko arazoa da”, adierazi du Peñasek. Arazoa ez da desagertu. Beste arrazoi batzuen artean, kosmetika- eta farmazia-industrietatik datozen substantziak daude; gaur egungo araztegiak ez daude kutsadura horretarako prestatuta. 

Hala ere, oro har, uren egoera hobetu egiten da, saneamenduan eta arazketan egiten den inbertsioari esker. Isurketa puntualak daude oraindik, baina ez dira duela hamarkada batzuetakoak bezalakoak, arau orokorra baitziren orduan. 

Nolanahi ere, kontuan izan behar da EAEko ibaiek aldaketa morfologiko nabarmena dutela: presak, presa txikiak eta bideratzeak, eta horien inguruan gehiegi urbanizatu dela. Horrek guztiak eragin zuzena du ur-goraldietan eta uholdeetan. “Ibaiek ez badute ur-bazterreko landaredirik, ondorioak kaltegarriagoak dira”, gogoratu du Peñasek. 

Adibide historikoa da Donostiako Urumea ibaiaren ibilguaren aldaketa. Aldaketa argi eta garbi ikusten da erakutsitako argazki eta grafikoetan. 

Presek eta presa txikiek eragin zuzena dute arrainengan eta bestelako animaliengan. Ez diete igarotzen uzten, jalkinak eta lohiak garraiatzea eragozten dute, eta biodibertsitateari zuzenean eragiten diote. “Ibaiek bizia daramate”, esan du Peñasek. Fluxu hori oztopatzea ibai-habitaten aurka joatea da. 

Horregatik, administrazio hidraulikoaren planteamendua oztopoak, presak eta presa txikiak kentzea da, funtzionaltasun hidraulikorik ez badute. 

Peñasek uholde-arriskuaren kudeaketari buruz ere hitz egin du. “Ur-goraldiak ibai-patologia gisa ulertu dira”, aipatu du. “Eta ur-goraldiak, hasteko, onak dira ibai-ekosistemarako. Ibaien motorra dira. Ibaien dinamikak funtzionatzen jarrai dezan eragiten dute”. Horregatik, lurzoruari eman diogun erabilera ez da bateragarria ibai-goraldiekin. 

“Ibaien ur-goraldiak ezin dira eragotzi, hasteko, ibai-ekosistemarentzat onuragarriak direlako”, nabarmendu du Peñasek, “eta, bigarrenik, horiek saihestea ezinezkoa delako. Dena den, kudeatu ditzakegu”. 

Hitzaldiarekin amaitzeko, herritarrak arriskuaren inguruan heztea ezinbestekoa dela azpimarratu du. “Hori da aurrean dugun handicapetako bat”, esan du Peñasek. “Horrelako fenomeno bat gertatzen denean herritarrek zer egin jakitea”.
 

Ikusi hitzaldi osoa