Ozeanoa, bere iraupenaren mugan dagoen erraldoia
Ozeanoa da klimaren erregulatzaile nagusia Lurrean; izan ere, Lurraren berotzeak sortutako beroaren % 90 baino gehiago xurgatzen du eta arnasten dugun oxigenoaren % 50 sortzen du, fitoplanktonari esker. Bizitzarako ezinbesteko sistema da, eta larriki gainezka dagoela erakusten hasia da. AZTIko zuzendari nagusi Rogelio Pozok, Ozeanoen Mundu Egunean Donostia Sustainability Forumek egindako ekitaldi batean, itsasoen indargetze-ahalmena muga arriskutsu batera iristen ari dela azaldu zuen.
Haren hitzetan, komunitate zientifikoa kezka handiz ari da behatzen tipping point direlakoak; itzulerarik gabeko puntuak dira, eta horiek igarota, orekan dagoen sistema bat modu guztiz desberdin batean hasten da jokatzen. Gertakari itzulezinak dira, esaterako, Groenlandian edo Mendebaldeko Antartikan izotza desagertzea eta permafrosta desizoztea. Hori gertatuz gero, berotegi-efektuko milioika tona gas gehiago askatuko lirateke atmosferara. Bestalde, itsaslasterretan, Golkokoan, adibidez, aldaketa bat gertatuz gero, Europako klima epela nabarmen aldatu eta muturreko baldintzetan gera daiteke.
Inpaktua Euskadin: eraldaketaren agertokia
Krisi klimatikoa ez da urruneko fenomeno bat, eta haren ondorioak dagoeneko neurtzen dira euskal kostaldean. Euskadiko itsasoaren tenperatura 0,25ºC ari da igotzen hamarkada bakoitzeko, eta dagoeneko 24ºC erregistratu dira gainazaleko uretan, aurrekaririk gabeko egoera 2000. urtera arte. Gainera, aurreikuspenen arabera, itsas maila igoko da eta gerta daiteke, itsasgoran, hondartzen azaleraren % 70 galtzea.
Hori gutxi balitz, Aztiko zuzendariaren arabera, itsasertzaren okupazioak are arriskutsuago bihurtzen du egoera kostaldeko herrientzat. Gaur egun, Euskadin, 40.000 pertsona inguru bizi dira urpean gelditzeko arriskua duten eremuetan. Horregatik, presazkoa da erakundeek «lurralde-antolamenduari eta eraikuntza-lizentziei buruzko erabaki ausartak hartzea».
Euskal arrantza-sektorea ozeanoak berotzearen ondorioak pairatzen ari da dagoeneko. Zenbait espezie adierazgarri, esaterako, berdela, beren errunaldia iparralderago egiten ari dira, edo ur sakonagoak bilatzen, Bizkaiko Golkoa berotzen ari delako. Bestalde, antxoa fisikoki egokitzen ari da; hala, orain txikiagoa da, eta horrek zuzeneko eragina du haren balio komertzialean eta ontzidiaren errentagarritasunean.
Ausartak izateko deia
Arazoa konpontzeko ez da aski neurri bakar bat hartzea; aitzitik, eraldaketa sakon bat behar da, Rogelio Pozoren ustez. Adierazi zuenez, beharrezkoa da berehalako erosotasunari begiratzen dion «ni berekoi» horretatik aldendu eta etorkizuneko ongizateaz arduratzen den «ni altruistara» hurbiltzea. Haren aburuz, horretarako beharrezkoa da hezkuntzan aldaketak egitea, haurrek txikitatik uler dezaten zer ondorio dituzten bizi-ohiturek ingurumenean.
Era berean, hainbat ekintza garrantzitsu aipatu zituen: ekonomia zirkularra, lehengaiekiko mendekotasuna eta CO2 emisioak murrizteko birziklatzearen aldeko apustua, eta mundu-mailako gobernantza eta nazioarteko ekintza koordinatua, muga-zergen bidez edo beste mekanismo batzuk erabiliz ingurumen-estandar eskasetan fabrikatutako produktuak zigortzeko. Ildo horretan, honakoa adierazi zuen: «Gauzek benetan balio dutenaren aldean gutxi ordaintzen dugu; gaur geure gain hartu nahi ez ditugun gainkostuak biharko uzten ari gara, eta etorkizuneko belaunaldiek ordaindu beharko dituzte».
Rogelio Pozok azaldu zuen, halaber, oso garrantzitsua dela zientzian konfiantza izatea eta ulertzea datuak eta eredu zientifikoak ez direla alarmismoa eragiteko sortzen; aldiz, hondamendiak gertatu aurretik arriskuei aurrea hartzea eta egokitzapen-neurri errealistak diseinatzea dute xede. «Zientziak ez du galdera guztientzako erantzunik, baina erantzunik onenak zientzian daude. Kontua ez da sinestea edo ez sinestea; matematikaz eta fisikaz ari gara, betetzen diren lege batzuez», azaldu zuen.
Hitzaldia amaitzeko emandako mezuak premia adierazten du, baina erresilientziaren garrantzia ere azpimarratzen du: aldaketa saihetsezina da, baina erreakzionatzeko dugun gaitasunaren araberakoa izango da hurrengo belaunaldiek pairatuko duten inpaktua.
