Back

Manu Soto Lopez: Zetazeoen lehorreratzeak eta dortoken ibilbideak Bizkaiko golkoan

Manu Soto Lopez Biologia Zelularreko katedraduna da, Plentziako itsas Estazioaren zuzendaria, eta Zetazeoen lehorreratzearen Euskadiko sarearen arduraduna. Dortoken ibilbideari jarraipena egiten ere aritzen da, eta horri guztiari buruzko azalpen xeheak eman ditu, edonork ulertzeko moduan. Hain zuzen, hasieratik aitortu du bere helburuetako bat dela jendeak jakitea zer egin —eta zer ez— lehorreratze baten lekuko izatean.

Zarauzko hondartzan aurreko astean izandako lehorreratze baten adibidea jarri du. Kaxalote pigmeo edo nano bat agertu zen, hilda. Ez zegoen jende asko hondartzan, eta, gainera, aurkitu zutenek bazekiten 112ra deitu behar zutela. Hala egin zuten. 
Hil berria zen, eta, beraz, oso egokia zientzialarientzat, kalitate handiko laginak hartzeko aukera eman baitzien. Nekropsiaren emaitza jaso berri zuten: urdaila plastikoz beteta zeukan. Sotok argi esan du: hori izan zen heriotza-arrazoia. “Plastikoen jatorria antropogenikoa da. Horrek pentsarazi behar digu zer egiten dugun gure zaborrekin”, gehitu du.

Lagunen bankua

Laginak bankuan gordetzen dituztela argitu du, “liburutegietan dokumentuak gordetzen diren bezala”. Horrela, beste lekutako zientzialariek ere eskura dituzte, beren azterketak egiteko. Izan ere, ondorioak ateratzeko, ezinbestekoa da datuak gurutzatzea eta diziplina desberdinetako ikuspegiak biltzea. Zetazeoen kasuan, kontuan izan behar da distantzia handiak egiten dituztela itsasoan, eta, beraz, mapa osatzeko, beste zentro batzuekin aritzen dira elkarlanean.


Normalean jendeak jakinarazten die non izan den lehorreratzea. Horrelakoetan 112ra deitu behar dela errepikatu du, eta ohar bat ere egin du: “Ez ukitu eta ez hurbildu asko”. Hilda badago, litekeena da gaixotasun kutsakor bat izatea; eta, bizirik badago, arriskutsua izan daiteke: “Animalia basatiak dira. Itsas txakurrak, adibidez, batzuetan ateratzen dira urertzera atseden hartzera. Ukitzeko keinua eginez gero, baliteke beldurtu eta haginka egitea”. 


Diziplinartekotasuna eta elkarlana


112koen abisua jasotakoan, ordu eta erdi edo bi orduren buruan jada lekuan bertan daude. “Egokitu izan zaigu hantxe zatikatu behar izatea, animalia ez zelako furgonetan sartzen. Gure mugak dira 300 kilo, 2,5-3 m luze. Hil berria bada, guretzat aproposa da. Zentrora eraman eta izoztu egiten dugu, albaitaria etorri eta nekropsia egin arte. Organo guztietako laginak hartu eta aztertzen ditugu, heriotza-kausa aztertzeko. Analisi kimikoak, berriz, Galiziako CSICen zentroan egiten dizkigute”. Deskonposatzen ari bada, ordea, ezin dituzte kalitatezko laginak hartu. 
Garunaren laginak ere hartzen dituztela azaldu du. Izan ere, EHUko ikertzaile batzuek, buruko gaitzak ikertzeko (epilepsia, neuroendekapenezko gaitzak), giza garunen bankuko laginak aztertzen dituzte. Hala, haiekin elkarlanean ari dira, ikusteko zetazeoen garunetan badagoen antzeko patologiaren bat: “Hipotesia da agian neuroendekapenaren ondorioz galtzen dutela orientazioa, eta hori izan daitekeela lehorreratzearen kausa. Ez dakigu, baina aztertzen ari gara”.


Farmaziako ikertzaileekin ere badute harremana. Haien bidez, emaitza bitxiren bat ere jaso dute: hemen debekatuta dauden farmakoen eta droga legal eta ilegalen arrastoak neurtu dituzte animalien ehunetan. Nondik datoz? Sotoren ustez, oso litekeena da gurutzaontzietako bidaiaren kontsumoaren hondakinak izatea.
Bestalde, lehorreratze gehienak izurdeenak izaten dira: izurde arrunta eta marraduna, baita izurde handia, gutxiago bada ere. Batez ere, otsailean eta martxoan gertatzen dira, eta Donostian zenbatzen dira gehien. Jakiteko zergatik diren gehiago sasoi horretan, eta zergatik leku batzuetan gehiago beste batzuetan baino, beste arlo batzuetako ikertzaileen laguntza behar dute: fisikariak, meteorologoak… Adimen artifiziala ere lagungarria izan daitekeela iradoki du, datu guztiak batera aztertzeko eta aurreikuspenak egiteko.
Azkenik, lehorreratze bat ikusiz gero, nola jokatu behar den gogorarazi du: 112ra deitu, eta, bizirik badago, ez saiatu itsasoratzen. Kaltegarria izan daiteke, bai zetazeoarentzat, bai lagundu nahi dutenentzat. Eta gehitu du: “Ez eraman ezer sare sozialetara, zeren bestela jendea bertaratzen da. Eta hori ez da oso erosoa. Ez da ona animaliaren osasunerako, ezta gure lanerako ere. Gero, bukatzen denean, argitaratu nahi duzun guztia, hori ondo dago”.


Dortoken ibilbideari jarraituz


Zaintza behar duten dortokei jarraipena egiteaz are arduratzen dira. Lan horretan, Donostiako Aquariumaren laguntza jasotzen dute, han zaintzen baitituzte dortokak bere onera etorri eta askatzeko prest egon arte.
Jarraipena egiteko, dortoka horietako batzuei GPS moduko transmisore bat jartzen diete: “Bizkarrean ipintzen diegu  transmisore bat, txikitxoa, ez duela oztopatzen beraien portaera normala. Transmisoreak igortzen duen seinalea jasotzen dute sateliteek, eta guri esaten digu non dagoen, gutxi gorabehera. Horretarako, itsas azalean egon behar du”.
Zehaztu duenez, hemen eskuratzen dituzten dortokak gazteak izaten dira, eta ez dakite nondik datozen. Badakite ur beroagoetatik datozela, baina jakiteko Karibekoa den, Hegoafrikakoa, edo beste nonbaitekoa, azterketa genetikoak egin behar dituzte.


Irudietan erakutsi duenez, dortokek oso bide desberdinak hartzen dituzte. Haien hipotesia da uraren tenperaturak eragin handia duela, baita janariak ere (arrainak edo marmokak). Hori baieztatzeko, ur azalaren tenperatura ere kontuan hartzen dute,


Azken finean, hori da zientziaren egitekoa: egoerarekin zerikusia duten datu guztiak batzea, eta elkarrekin aztertzea, ondorioak ateratzeko. Ondorio bat, behintzat, garbi utzi du Sotok: itsasoa eta itsas bizidunak zaintzeko ardura dugu, eta guri dagokigu administrazioak presionatzea neurri eraginkorrak hartzeko ingurunea leheneratzeko.