Itzuli

“Ekonomia Zirkularraren alderdi txarra da egin beharreko aldaketei ez ekiteko eslogan gisa erabiltzen dela zenbaitetan”

Eslogan bihurtu da ekonomia zirkularra. Batzuetan, ekonomia zirkularraz hitz egitean gauzak egiteari uzten zaiolako inpresioa jasotzen du batek. Enpresei sarritan aipatzen zaie eraginkortasuna eta birziklapena hobetu behar dela, baina horiek oso ideia zaharrak dira. Egin behar dena da sistema ekonomiko osoa birplanteatu. Jada 80. hamarkadan aipatzen zen laugarren faktorearen kapitalismo naturala, eta hori oso ongi dago, baina harrez gero ez da deus egin.

Carlos Larrinaga

Hori Carlos Larrinagak adierazi du 2022ko EMAN Europa kongresuan, UPV/EHUren Uda Ikastaroen baitan egindako Ekonomia Zirkularrerako kontabilitate/kudeaketa berri baterantz gaiari lotuta.

Batek ekonomia eta ekologiari buruzko datu guztiak aztertu eta neurri gabeko hazkunde parametroetan gaudela ikusten du. Ekonomia zirkularra dugu hizpide eta abiadura handiko trenak jartzen ditugu, kostu txikiko hegaldiak diruz laguntzen ditugu. Autobideak eraikitzen ditugu ekonomia zirkularraz hitz egiten dugun bitartean.

“Burgosko aireportuan, hangoa bainaiz ni, ez da hegaldirik irteten ez eta iristen ere. Urte askoan izan zen hegaldi erregular bat Bartzelonara, diruz lagunduta noski. Tira, aireportu guztiak daude diruz lagunduta, autobideak bezalaxe. Ekonomia zirkularra dugu hizpide eta bidesariak kentzen ditugu”, ekin dio Burgosko Unibertsitateko kontabilitate irakasleak.


“Ekonomia zirkularrak ez digu errealitatetik ihes egiten uzten. Ametsa da Ekonomia Zirkularra, baina errealitatean ohartzen zara ez dagoela horrelakorik. Doinu polita du, baina hegaldi gutxiago egin eta gutxiago kontsumitu behar dela esaten badugu, jada ez zaigu hain polita iruditzen".


Ezinezkoa den zerbaitetan oinarritzen da ekonomia zirkularra. Ezinezko ideala da ezin daitekeelako dena birziklatu eta ezin delako errealitate fisikotik bereizi. “Ekonomia bat beste bat baino zirkularragoa dela esan dezakegu, baina hau jasangarriagoa izatea nahi badugu, kontsumoa murriztu beharko dugu, bai ala bai". Energia jasangarria kontsumitzen duen tren batean bidaiatu daiteke, baina ezin ahaztu dezakegu tren horiek altzairuz eginak direla, aerosorgailuak bezalaxe. Utopia da ekonomia zirkularra.


“Ekonomia Zirkularraren alderdi txarra da egin beharreko aldaketei ez ekiteko eslogan gisa erabiltzen dela zenbaitetan”. Egia da EB aurretik doala ingurumen gaietan. Ongi daude Zuzentarauak, baina “ez du zentzu handirik Ibexeko enpresa handiek, hala nola energia enpresa eta banku handiek, niri ekonomia zirkularraz hitz egitea. Gehienez ere zerbait birziklatuko dute”.

Carlos Larrinagak dio segur aski aldezteko modukoa dela "deshazkundearen" ideia, baina nik ez dut ezer aldezten. Nik, besterik gabe, datuak begiratzen ditut, isurien hazkundeari, energia fosilen erabilerari, Mar Menor hondatzen ari den nitrogenoari …buruzko datuak. Ez dut deus aldeztu beharrik hau ez delako erlijio bat, zientzia besterik ez da. Kontsumo ereduak birplanteatuta baizik ez daiteke egoera hau aldatu. 


Aldaketa hori gauzagarria den galdetuta, Carlos Larrinagak beste galdera batekin erantzun du. Ba al dago gaur egungo emisio mailari eusterik? Dagoeneko 1,5/2 gradutan igo da batez besteko tenperatura. Ba al dago lurreko tenperatura 2 edo 3 gradutan igotzea? Bai, badago, baina, bideragarria al da gaur egungo zibilizazioa 3 edo 4 gradu gehiago izango dituen planetan? Ez. “Lurrak bere bidea egiten jarraituko du, baina zibilizazioa kolapsatu daiteke. Galdera da zibilizazioa egingarria ote den errealitate biofisikoaren bilakaeraren aurrean.

“Ez dakit jendeak garaiz erreakzionatuko ote duen, baina datu ekologikoek adierazten digutenez, 2050. urterako ez baditugu berotegi efektuko emisio antropogenikoak desagerrarazten, hau guztia pikutara joango da”. Ez dakit jendea nola portatuko den, baina nik enpresek hobe eta gardenago jarduteko lan egiten dut. Orain, badirudi arreta handiagoa ipintzen dutela gizartean eta ingurumenean duten eraginen aurrean. Gainera, EBren zuzentarauak bete behar dituztenez, nahitaez argitaratu behar dituzte datuak. Ematen al dira enpresa baten hornidura katean gertatzen diren emisioei buruzko datuak?.


Ez hain ezkor, Carlos Larrinagaren ustez enpresak hasiak dira green whasing praktikek soilik epe laburrerako iraunaldia dutela sinesten. Sea Bos nazioarteko ekimenean parte hartzen du eraldaketa globala itsas produktuen ekoizpen jasangarrirantz bideratzeko eta ozeano osasungarriak izateko. Mundu osoko enpresak biltzen ditu, jakitun baitira itsas ingurumena zaintzen ez badute desagertu egingo direla. Kontua da sektore guztietan enpresek eta pertsonek ingurumenarekin zentzuz jardutea.