Back

Etorkizuneko arkitektura: errealitate jasangarri baterantz

Eraikuntza eta hirigintza krisi globalaren bidegurutzean daude, eta, horregatik, beharrezkoa da horien eredua guztiz berraztertzea. Horixe esan zuen Bruno Sauer arkitektoak, hau da, Green Building Council Españako (GBCE) zuzendari nagusiak, Donostia Sustainability Forumeko hitzaldi batean. Bertan, ingurumen- eta gizarte-erronken aurrean arkitektura jasangarriak aldaketarako motor gisa zer-nolako eginkizuna izan behar duen aztertu zuen.

Gipuzkoako Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak antolatutako hitzaldi horretan, Sauerrek materialen nahikotasunean, efizientzian eta zirkulartasunean oinarritutako paradigma aldatzearen alde egin zuen, eraikuntzaren sektoreak aurka egin behar dien premiazko arrisku globalei aurre egiteko.

Bruno Sauerrek azaldu zuenez, eraikuntzak eragiten du urteko baliabideen erauzketa eta kontsumoaren % 50 inguru, hondakin guztien % 30 baino gehiago, EBko energia-kontsumoaren % 40 inguru eta energiarekin lotutako berotegi-efektuko gasen emisioen % 36. Hori dela eta, etorkizuneko arkitekturak aztarna ekologikoa murriztu behar duela gaineratu zuen, ekonomiaren deskarbonizazioa bultzatuta eta biodibertsitatearen galerari eta antzeko arriskuei aurre eginda.

Horretarako, Sauerrek nahikotasunaren kontzeptua nabarmendu zuen: pertsonen erosotasunari, garapenari eta ongizateari eusteko behar diren gutxieneko alderdiak planifikatzea.  Nahikotasuna gehiegizko kontsumoaren ondoriozko premiazko behar gisa dator. Gaur egun, Espainiako gizarteak, adibidez, urtean bi planeta eta erdi baino gehiago kontsumitzen ditu; planetako mugen barruan mantendu nahi badugu, hori onargarritzat jotzen denaren gainetik dago. Nahikotasunaren esparruan, bereziki garrantzitsua da benetan funtzionatzen duen ekonomia zirkularra garatzea.
 

Ekonomia zirkularraren eta “hiri harrobiaren” erronka

Arkitekturari aplikatutako ekonomia zirkularraren erronka nagusia materialen erabilera laurden batera murriztea da. Hori lortzeko, eraikinak birziklatzetik datozen materialekin egin behar dira, ez lehengai birjinekin.

Sauerrek eztabaida deseroso baina beharrezkoa planteatzen du: ez du merezi gabeziak dituzten eraikin guztiak birgaitzea. Horien materialak bizi-amaierara iristen direnean edo ukipen larriak dituztenean, eraikin zaharkituok “lehengaien harrobi” gisa hartu beharko lirateke berreskuratze-industria berri baterako. Ikuspegi hori birgaitu ezin diren eraikinak “eraistea” onartzeko beharretik dator, zirkulartasunak aurrera egin dezan; izan ere, gaur egun Espainiako sektorean birziklatzen den material kopurua “huskeria” bat da.

Etorkizuneko arkitektura

Etorkizuneko arkitektura jasangarria ez da nahitaez arraroa; arkitektura “oso normala” da, baina “hainbat aldaketa handi” ditu. Hala, hizlariak diseinuaren nahikotasuna azpimarratu zuen, adreilua erabiltzea eta ageriko instalazioak eraikitzea, sabai aizunik gabe eta eguzki-babes pasiboekin, aire giroturik gabe erosotasuna bermatzeko.

Biomaterialen arloan, egurraren, lur egosizko adreiluen —termoerregulatzaile gisa jarduten dute, hezetasuna xurgatzen eta kanporatzen dutelako— eta lur trinkotu industrializatuaren erabilera nabarmendu zuen Sauerrek. Horrez gain, esan zuen beirak, birziklatzen erraza izan arren, arazoak dituela —zehazki, silizioa lortzetik eratorriak—, eta hura fatxada uniformeetan masiboki erabiltzea akats urbanistiko eta energetikoa dela.

Sauerren arabera, arkitekturan eta hirigintzan orain arte egin diren akats handienen artean honako hauek daude: arkitektura uniformea, New Yorken eta Txinan modu berean eraikitzea, industriaren zerbitzura dagoen arkitektura, baliabideak mugatuak direla ikusi nahi ez izatea eta automobila ardatz duen hirigintza. 

Aldiz, arrakastarako printzipioak dira arnasa hartzen duen arkitektura, tokiko materialak eta berreskuratutakoak erabiltzea, mugikortasun multimodala, autoa oinezkoen eta txirrindularien maila berean jarrita, eta eraikin moldagarriak eta epe luzekoak azpimarratzea.
 

Gainditu beharreko oztopoak

Europar Batasunak higiezinen parkea 2050erako deskarbonizatzea du xede. Sauerren ustez, posible da hori lortzea, baina zaila. Haren arabera, gehiegizko erregulazioa da oztopoetako bat. Gaur egungo kode teknikoak ez du arkitektura pasiboa debekatzen, baina, hari jarraikiz, ia ezinezkoa da hura ezagutza oso aurreraturik gabe gauzatzea. Hiri-plangintzaren harira, jasangarritasuna 20, 30 edo 50 urteko epeetan planifikatu behar da, eta horrek talka egiten du politikarekin, 4-8 urteko zikloetan aritzen baita.

Gainera, arkitektura kutsatzailea ez-kutsatzailea baino merkeagoa dela adierazi zuen. Egoera horri aurre egiteko, erregulazio-mekanismoak txertatu behar direla baieztatu zuen; esaterako, zerga altuagoak jartzea material toxikoen edo jasangarriak ez diren eraikinak erabiltzearen gainean.

Haren iritziz, egungo bizimodua ez dago “aldi baterako bakarrik stocketik kanpo”, alegia, “jada ez dago stockean, behin betiko”. Aldaketa ez da materialtasunari edo diseinuari buruzko eztabaida, erantzukizunari eta jarrerari buruzkoa baizik. Gaineratu zuenez, hirien etorkizunak eraldaketa handia behar du.
 

Konferentzia osoa