Iker Maguregi, Ibilkariko zuzendariak, Euskadiko pertsonen mugikortasunari buruz egindako zenbait azterlanetara jo zuen. Autoaren erabilera % 40ra hurbiltzen ari da; garraio publikoak, berriz, % 15 baino ez du hartzen, eta oinezkoek % 42. Baina garraio motordunen artean autoaren erabilera aztertuko bagenu, % 70era igoko litzateke. Are gehiago, autoen erabilera zabaltzen joan den heinean, horien okupazioa gutxitu egin da. Izan ere, 1990ean okupazio-indizea 1,53 pertsonakoa zen bitartean, 2001ean 1,35era jaitsi zen, eta gaur egun, autoa banaka erabiltzeko joerari eusten zaiola egiazta daiteke. Aldi berean, ordukako garraioaren eguneroko erabilera kontuan hartuta, autoa egunean 23 orduz geldirik egoten dela baiezta dezakegu, hau da, autoaren erabilera bere bizitza baliagarriaren % 4ra murrizten dela esan daiteke.

Car Sharing edo erabiltzaile ugariko autoa (auto kolektibo baten erabilera partekatua) autoa edukitzeko beste modu bat da. Iker Maguregik dioenez, edozein momentutan ibilgailu bat erabiltzeko aukera ematen digu, erabilera malgua bultzatuz, etxetik gertu dagoen ibilgailu talde bat erabiltzeko aukera eskainiz eta erabiltzeko denboraren eta egindako kilometroen arabera ordainduz. «Car Sharing-aren azpian filosofia bat dago, eta horrek jendeari ideia bat eskaintzen dio: autoa beste aukerarik ez dagoenean erabili behar dela. Horrela, jendea ibilgailu bat eskatu aurretik beste zein aukera dauden planteatzera bultzatzen da, oinez, bizikletaz edo garraio publikoan doazen pentsaraziz».

Eusko Car Sharing Elkarteak eta Ibilkari Car Sharing zerbitzuak autoa erabiltzeko modu berri hori Euskadin bultzatzea dute helburu; automobila modu kolektiboan eta benetako beharra dagoen kasuetan erabiltzea, gaur egun dagoen garraio jasangarrien sarearen osagarri gisa.

Nortzuk dira erabiltzaileak? Garraio kolektiboaren erabiltzaileak eta mugikortasun jasangarriaren inguruan kontzientziatuak. Noizbehinka erabiltzeko lehen/bigarren auto bat behar dutenak. Ibilgailuak behar dituzten profesionalak, enpresak eta administrazioak.

18 estatu eta 4 kontinentetan banatutako mila herri eta hiri inguruk ezarri dute zerbitzu hori 1990eko hamarkadatik gaur egunera arte. Bizilagunen komunitate batzuek ere ibilgailua partekatzen dute, kaleak aparkatutako autoetatik garbituz.

Otros artículos de interés

Kolaboratzaileak