Finantza jasangarriek, errentagarritasun ekonomikoaz gain, garapen orekatuagoa (ekonomikoa, soziala eta ingurumenaren aldetik) bilatzen dute; eta horien tipologietako bat sozialki arduratsuak diren inbertsioak dira (gaztelaniazko ISR). Baina, benetan al da arduratsua jasangarritasunaren aterkipean iragartzen den guztia? Iraunkortasunari eta inbertsioen etikari buruzko gogoeta horiek eta beste batzuk UPV/EHUko Uda Ikastaroetako «Otra economía está en marcha» ikastaroan emandako txostenean adierazi ziren, Gloria González Economistas sin Fronteraseko (EsF) Gizarte Ardura Korporatibo eta Inbertsio etikoen arloko kideak.

Izan ere, dirudien bezain berdea al da iraunkortasuna? 2018an, Europako Batzordeak Finantza Iraunkorren Ekintza Plana onartu zuen, politika publikoak eta finantza-merkatuak lerrokatzeko eta kapital‑fluxuak garapen jasangarrira bideratzeko. Plana egituratzen duten 10 ekintzetatik, lehenengo hirurak baino ez daude martxan, eta Taxonomia da ezagunena. Tresna horren helburua inbertitzaileei jarduera ekonomiko bat ingurumenaren aldetik jasangarria den (ekonomia berdea) ulertzen laguntzea da. Azken batean, inbertitzaileen, igorleen, legegileen eta enpresen arteko hizkera komuna ezarri nahi du, inbertsio berdeek ingurumen­‑printzipio eta ‑estandar sendo eta gardenak benetan betetzen dituztelako konfiantza areagotzen laguntzeko. Hala ere, sektorean aurrerapenak egiten ari diren arren, neurri horiek mugak dituzte. Adibidez, nahiz eta zementu‑industria ezaguna izan atmosferara isurtzen duen CO2-aren intentsitateagatik, Taxonomia aplikatuz, industria horretako enpresa batean inbertitzea «berdetzat» jo liteke, betiere emisio‑ratio jakin bat gainditzen ez badu; eta hori, EsF-rentzat, ez dator bat «enpresa berdearen» definizioarekin.

Beste muga bat, iraunkortasunaz ari garela, kontsumitu ahal izateko sortzen jarraitzen den merkatu‑nitxo berria da. «Gure sistema ekonomikoak benetan behar duena gainbehera da, beste erritmo batean kontsumitzea. Planetaren benetako iraunkortasunaren aldeko apustua egiten al da, edo merkatu‑nitxo berri bat sortzen da modu ezberdinean kontsumitzeko, baina, azken batean, kontsumitzen jarraitzeko?»

Tradizioz hazkundea garapenarekin lotu izan da, eta garapena edozein preziotan ulertu dugu. «Haztea arrakastari eta botere handiagoari lotuta egon da beti. Finantza jasangarriek hazkunde iraunkorra bilatzen dute, eta hazkunde jasangarria ez denarengandik bereizten da, egungo bizitza eta etorkizuneko belaunaldiena arriskuan ez jartzeagatik». Planetako baliabideekin amaitzeko hazten bagara, ezin dugu iraunkortasunaz hitz egin. «Agian horregatik ematen du beldurra urritu hitzak, gutxiago kontsumitzea eta beste modu batera bizitzea dakarrelako».

Baina bai ala bai egin beharko dugu, gure planeta baliabideak agortzen ari diren seinaleak ematen ari baita. «Hobe genuke ur-kontsumoa murriztu behar dugula konbentzitzea, hornidura eten behar izan gabe».

Sistemaren aldaketari buruzko planteamendu teorikoa onartuta dago, baina berdintasunaz hitz egiten dugunean gertatzen den gauza bera gertatzen da. Gauza bat da berdintasun formala, eta beste bat benetakoa. Formala existitzen da, legeetan dago, baina kalean bizi dena nahiko ezberdina da. Ingurumenaren arloan ere gauza bera gertatzen da, «argi eta garbi, duela pare bat hamarkada zegoen egoerarekin alderatuta, bilakaera arauemaile bat dago, baina enpresa handi batzuentzat, legeak ez betetzea eta dagozkien zigorrak bere gain hartzea ekonomikoki errentagarriagoa ateratzen da arauak errespetatzea baino».

Honakoa da galdera: gehiago zigortzen duen eredu batera joan behar al dugu, edo prestakuntza eta hezkuntza askoz ere presenteago dituen beste batera? Definizioz gizarte-erantzukizuna borondatezkoa denez, eztabaida handia dago erantzukizun hori arautu behar den edo enpresa-erakundeek berek sortu behar duten. Gloria Gonzálezen iritziz, «mix bat da, eskolatik oinarrizko euskarri eta lan bat izatearen eta eragile sozial ezberdinen prestakuntzaren artean, enpresak barne».

Enpresa-ehunean dauden desberdintasunen inguruan, bizi dugun globalizazioa kontuan hartuta, Gloria Gonzálezek gogorarazi zuen korporazio handiek (estatu batzuek baino gaitasun handiagoa duten askok) jasangarritasun-rankingetan oso ondo irteteko ahalmena dutela, baliabide ugari dituztelako marketin-kanpainak finantzatzeko edo iraunkortasun-memoria ikusgarriak diseinatzeko, greenwashingaren praktika ezagunean eroriz, eta, aldiz, txikiak askoz hobeto ari daitezkeela egiten, baina guk zer lan egiten duten jakin gabe, ez baitute baliabiderik. Volkswagenen adibidea litzateke, eta haien motorren emisioarekin duten iruzurra.

Bestalde, Gloria Gonzálezek ez du aktibismo sozialaren balioa estimatzeari uzten. Bere fruituak ditu, egiteke dagoen guztia kontuan hartuta ere. Espainian, 2018an onartutako Informazio Ez Finantzarioko Legeak enpresak behartzen ditu langile-kopuru jakin batetik aurrera edo fakturazio jakin batetik aurrera kontuak ematera, ez soilik alderdi finantzarioei buruz, baita alderdi ez-finantzarioei buruz ere. Europako aurreratuenetako bat da, eta, horren bidez, enpresak konturatzen hasten dira nola kudeatzen dituzten lan-eskubideak, giza eskubideak, fiskalitatea edo ingurumen-kudeaketa bezalako gaiak.

Economistas sin Fronterasen ustez, hau da, Uda Ikastaro hau zuzentzen duen erakundeak, «orain arte egin dugun bezala ekonomia aztertzen jarraitzen badugu, ezin dugu nahi izan 10 urte barru enpresa bat zuzenduko duenak iraunkortasuna eta erantzukizun soziala bezalako balioak bere gain hartzea. Horregatik da beharrezkoa ikuspegi hori eskolatik txertatzea».

Uda Ikastaroan, halaber, sozialki arduratsuak diren inbertsioko produktuetan aditua ez den inbertsiogile txikiak zein gai hartu behar dituen kontuan aipatu zen (bankuak zein funts merkaturatzen dituen jakitea; arriskuarekiko dudan abertsio maila argi edukitzea eta funtsa errenta finko edo aldakorrekoa den jakitea. Lerrokatuta al dago nire jarrera, arriskuaren eta funtsaren ezaugarrien aurrean? Funtsak batzorde etikorik ba ote duen jakitea. Sozialki arduratsua den edo solidarioa den eta funtsa inbertitzeko orduan zer estrategia aplikatzen dituen baieztatzea); enpresek ESG irizpideak (Ingurumenekoak, Sozialak eta Gobernu Onekoak) kontuan hartu behar dituztela beren jardunbideetan eta inbertsioetan; irizpide horien barruan hainbat alderdiren garrantzia, hala nola ingurumenarekiko errespetua, berdintasun-politikak eta lan-eskubideak, gobernu ona, ustelkeriaren aurkako politikak edo fiskalitate arduratsua, kontuan hartuta. Elusio eta ihes fiskalaren eta offshore enpresen sareen arteko aldea, «zure herrialdean ordaintzen ez duzunak bere zerbitzuetan eragina duelako».

Era berean, hornidura-kateen garrantzia, baliabideen trazabilitatea edo inbertsio-funtsetara bideratzen den diruaren jatorriaren garrantzia bezalako gaiak jorratu ziren, ondoren bertaratutakoei honako egoera hauek planteatzeko: kotoizko kamisetak egiten badituzu, munduko beste herrialde batean, jasangarria al zara? Negozio-lerroz aldatzen duen petrolio‑enpresa bat, ekarritako diruarekin planta eoliko bat eraikiz. Negozio bat dela esan dezakegu?

Horrekin guztiarekin agerian geratu zen iraunkortasunaren arloan aurrera egiteko, eta, zehazki, ingurumen-gaietan aurrera egiteko, trantsizio energetikoa behar dela, eta baita eragile sozio‑ekonomikoen inplikazioa eta hori egin ahal izateko bitartekoak jartzea. Economistas sin Fronterasen ekonomia sozial eta solidarioaren eredua defendatzen dute idealtzat, jakitun izanik errealitate kontsumista eta kapitalista nagusitik abiatzen garela. Izan ere, eraldaketa, mota eta denbora guztietako baliabideei dagokienez oso garestia izan arren, abian da jada.

Otros artículos de interés

Kolaboratzaileak