Itzuli

Iraunkortasun Foroa bultzatzea adostu dute euskal erakundeek

Iraunkortasun Foroa hedapenerako eta prestakuntzarako plataforma irekia da, iraunkortasunaren arloko erronka zientifiko eta sozial handiak ezagutarazteko. Bertan, zientzia komunitatea, gizarte-eragile publiko eta pribatuak, eta, oro har, herritarrak biltzen dira.

Ingurumenaren Mundu egunean, Foroak euskal erakundeen babes irmoa ospatzen du. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, Ihobe-ren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Sailak, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Klima-aldaketaren Fundazioak  - Naturklima, lankidetza-hitzarmenak sinatu dituzte UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioarekin.

Nekane Balluerka UPV/EHUko Uda Ikastaroak Fundazioko presidentak, Iraunkortasun Foroa Uda Ikastaroak zuzentzen dituen filosofiaren adibide ona dela adierazi du. Bere hitzetan, “gure ikastaroen helburua beti izan da hurbileko errealitate politiko, sozial eta kulturalarekin lotzea, eta argi dago iraunkortasuna dela gizarte globalak aurrean duen erronketako bat. Klima-aldaketa, biodibertsitatearen kontserbazioa eta bioetika dira Foroaren funtsezko azterketa-esparruak, eta hiru alderdi horietan indartuko dugu jarduera akademikoa. Gure ikastaroen azken edizioan, BBVA Fundazioak eta UPV/EHUk modu argian egin zuten apustu ekimen honen alde. Orain Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntza dugu. Eskerrak eman nahi dizkiet hiru erakundeei emandako laguntzagatik, horri esker sendotu baitugu akademikoki asmo eta interes sozial handikoa den ekimena”.

Bestalde, Rafael Pardo BBVA Fundazioko zuzendariak honako hau adierazi du: “Iraunkortasuna, lehentasunezko bi gaietan (biodibertsitatearen kontserbazioa eta klima-aldaketa), gure garaiko funtsezko kontua da, eta gazteen kulturaren eta balioen ezaugarri bereizgarrienetako bat. Gure etorkizuna hertsiki lotuta dago iraunkortasunarekin, osasunaren arlotik hasita (egungo pandemiaren jatorriak modu dramatikoan erakusten duen bezala), ekonomia eta bizimoduraino. Ikerketarik onenean oinarritutako ezagutza, gizarteak horren konfiantzazko transmisioa jasotzea eta politika publikoak eta enpresen eta eragile pribatuen erabakiak dira erronka izugarri horri heltzeko funtsezko elementuak. Unibertsitateak funtsezko zeregina du, eta pozik gaude UPV/EHUrekin lankidetza hau hasteaz, Uda Ikastaroen bidez, arlo horren aldeko apustu bereizgarria egiten ari baita, bai ikerketan, bai prestakuntzan. Euskal erakundeen konpromisoak aparteko oinarria eta laguntza ematen dio Foro berriari. Ziur gaude unibertsitatearen, erakundeen eta gizartearen arteko topagune berri hori gure arteko erreferentzia izango dela, eta, modu iraunkorrean, nazioarteko komunitate zientifikoaren parte-hartzea izango duela”.

Eneko Goiak, Donostiako alkateak honakoa adierazi du: “UPV/EHUko Uda Ikastaroak erreferentzia-gune bat dira, eta hiriak ezagutzaren kulturan egindako apustua azpimarratzen dute. Foroak izaera hori eta hiriak gizarteari eragiten dioten gaiak aztertzeko eta eztabaidatzeko egiten duen apustua indartuko ditu, hala nola iraunkortasuna eta aurrean dituen erronkak, herritarrengandik gertuen dagoen erakundea baikara. Eta bestetik, hiriek gaur egungo gizartean jokatzen duten papera erabakigarria da. "

Jose Ignacio Asensiok, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako diputatua eta Naturklima-ko presidenteak gogorarazi du “COVID19 krisiaren egoerarekin bizitzen ari garen uneak hemendik aurrera eraiki nahi dugun etorkizunari buruzko hausnarketa sakona egitera eraman behar gaituela, eta hausnarketa-eremu horiek aprobetxatu egin behar direla gure gizartea nolakoa izatea nahi dugun eta gure seme-alabei zer planeta utzi nahi diegun birpentsatzeko. COVID-19 krisiaren ondoren, ikasi egin behar dugu, planetaren seinaleak irakurtzen jakin behar dugu, eta etorkizuneko belaunaldiei inpaktu handiagoko krisiak saihestu behar dizkiegu, hala nola klima-krisia.” Ingurumeneko foru diputatuak adierazi duenez, “ezin gara iraganeko normaltasunera itzuli, guztion artean normaltasun berri bat eraiki behar dugu, normaltasun jasangarria, sektore guztiak ekologikoki eraldatu behar baitira. Azken finean, lurralde iraunkor eta klimaren aldetik neutro baterantz aurrera egitea”.

Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak Iraunkortasun Foroaren garrantzia azpimarratu du. “Lankidetza publiko-pribatuaren adibide bat da, non administrazio publikoek, eragile sozioekonomikoek eta komunitate akademikoak elkarrekin lan egiten duten, guztion artean eraiki nahi dugun etorkizunari buruz hausnartzeko.  Etorkizun horretan, ezinbestean, trantsizio ekologiko eta justu baterantz egin behar da aurrera, gure kontsumitzeko, ekoizteko eta bizitzeko moduak guztiz eraldatuz. COVID-19aren pandemiaren ondorioz bizitzen ari garen krisi sakon honek agerian utzi du ez bakarrik gizakiaren zaurgarritasuna, baizik eta bere baliabide hornitzaile nagusiari bizkarra emanda bizi den sistema ekonomiko global baten hauskortasuna ere: planetarena». Moreno sailburuordeak honako hau ere azpimarratu du: “Aukera historiko baten aurrean gaude euskal ekonomiaren deskarbonizazioa sustatzeko eta gizakien ongizatea eta osasuna planetaren osasunarekin adiskidetzeko ere. Gizarte gisa aurrera eraman behar dugun hausnarketa eta eraldaketa prozesuan lagundu behar du Iraunkortasun Foroak”.

Azkenik, Itziar Alkortak, UPV/EHUko Uda Ikastaroetako zuzendariak, “poza eta esker ona adierazi die arlo horretan eskumena duten euskal erakundeei, Foro hau bultzatzeko lortutako akordioagatik. Elkarlan honi esker, ingurumen eta iraunkortasun politikak eragile publiko eta pribatuekin eta, oro har, herritarrekin kontrastatu ahal izango dira. Ingurumenaren Mundu Egun honetan, eta bizi dugun egoera kontuan hartuta, topagune hau oso egokia da, eztabaida eta hausnarketa eremu honen barruan erreferente eta topagune bihurtzeko asmoz sortu baita”.

Halaber, adierazi du, datozen asteetan ezagutuko direla Iraunkortasun Foroaren edukiak. 2020 honetan ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren arloko iraunkortasuna izango du ardatz Foroak, eta COVID-19ari buruzko edizio berezia ere izango du.